XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Askotan esan izan didate txikitan eguzkia hartu izanari egotzi behar niola, indartsuegi jotzen baitzuen, niri gertatutakoa.

Nik, ordea, ez dut halakorik sinetsi izan.

Beste batzuetan esan izan didate miseriak haurrak barnerakoi bihurtzen dituelako izan zela.

Baina ez, ez da hori.

Gosete endemikoaren haur zahartuek bai, baina guk ez genuen goserik pasatzen, haur zuriak ginen gu, guk bagenuen lotsarik, saldu egiten genituen geure altzariak, baina ez genuen goserik pasatzen,

otsein bat genuen etxean eta jaten genuen, batzuetan, egia da, zerrikeriak, zango-luzeak, kaimanak, baina zerrikeria haiek otsein batek prestatuak izaten ziren, eta batzuetan muzin egiten genien, jateari uko egitera ere iristen ginen.

Ez, zer edo zer gertatu zen hemezortzi urte nituelarik aurpegi hau honelakoa bilakatzeko.

Gauez gertatu behar izan zuen.

Beldur nion neure buruari, beldur Jainkoari.

Eguna argitzean gutxitu egiten zitzaidan beldurra, ez zuen hain izugarria ematen heriotzak.

Nire baitan jarraitzen zuen, alabaina, beldurrak.

Hil egin nahi nuen, neure neba nagusia, hil egin nahi nuen, behin, behin besterik izango ez bazen ere menderatu egin nahi nuen eta hiltzen ikusi.

Aurretik kendu nahi bainion amari bere amodioaren objetua, seme hura, eta zigortu hainbeste maitatzeagatik, hain gaizki,

eta batez ere nire neba txikia, nire umetxoa, salbatu nahi nuelako bizi zuen beste bizitza hartatik, neba nagusiarenetik, bere bizia estaltzen zuen hartatik, eguna estaltzen zuen zapi beltz hartatik, gizaki batek, neba nagusiak berak, ordezkatzen eta ematen zuen legetik, animali legea bera, neba txiki haren bizitzako egun bakoitzeko une bakoitza beldurrez betetzen zuena, hainbesteko beldurrez, non behin haren bihotzera heldu eta hil egin baitzuen.